GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Mikel Jauregi Kazetaria

«Una [lengua], grande, libre»

Gurasoen edota aiton-amonen pasadizo zaharrak dira. Aspaldiko kontuak. «Eskolan euskaraz hitz egiten bagenuen, ufff...». Ferrolgo txikia -tirano handia- bizi zeneko garaiak. Diktadura. Eskubideak hankapean zirenekoa. Askatasun eza. «Una, grande, libre». Amaraunez betetako kutxan ezkutatu nahi duten epe historikoa.

Baina «historikotik» gutxi du. Gaur, hemen, euskarak ez du erabateko askatasunik. Eta euskaldunen eskubideek hankapean segitzen dute. Errealitate gordin-gordina. Eta baten batzuek, boterean direla aprobetxatuta, gordinago bilakatu nahi dute. Euskarazko klaseetatik piper egiten duen Patxi Lopezen alderdiak eta bere lehentasunezko bazkideak, beste behin, konplexurik ez dutela erakutsi dute: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako saltoki handiek ez dute euskaldunei euren hizkuntzan egin beharrik izango, hori arautzen duen dekretua aldatuko baitute. Askatasunaren eta inposizio ezaren izenean.

Euskaraz edo gazteleraz egitea dendariaren esku utzi nahi du PSEk. «Librea izan behar du atxikimenduak, ez inposatutakoa». Hauentzat, euskaraz derrigorrez egitea inposizioa da. Jaun-andereak, gazteleraz derrigorrez egitea zer da? Askatasuna? Taliban hauei -Oyarzabal jauna, Kontseilukoei zuzendu zenien hitz potoloa baliatzen utziko didazu, ezta?- ez diet inoiz hitz txikienik ere entzun euskal hiztunok pairatzen dugun inposizio egoeraren aurka. Aitzakia gora, aitzakia behera, kontsentsua eta bizikidetza ahoan. «Gazteleraz denok dakigu-eta», izan ohi da euren azken argudioa. Betikoa, eta bakarra. Baina nik euskaraz egin nahi badut? Hobeto moldatzen banaiz? Gogoak hala ematen badit? Non da nire askatasuna? Noizko izango dut? Euskara, ofiziala? Bai, paperean.

Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen EAEko Estatutuarena izan da azkena; orain aste batzuk, Osakidetzarako Lan Eskaintza Publikoan euskarari emandako balorazioarena. «Orekatua» dela esan zuen Osasun sailburuak. Hara, Bengoa jauna: 39 urte ditut, eta nire bizi osoan mediku bakarra izan dut euskalduna, urtebete pasatxo. «Egunon, me duele la garganta», esan behar izan dut gainerako 38etan. To oreka librea!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo